• 16
    EKA
    2020
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Iaz hainbat korrikalari edo gehiago espero genuen aurten

    Zaldibiako Mendi Lasterketaren bigarren ekitaldia 2021erako utzi du antolakuntzak. Larunbatean zen jokatzekoa, Aralarren barrena eta bi ibilbidetan. Euskal Herriko rankingerako puntuagarria zen, gainera. "Indar gehiagorekin" itzuliko direla dio Unai Belokik. Goierriko Hitzatik jasoa.

    Ekainaren 20an zen jokatzekoa Zaldibiako Mendi Lasterketa. Aurtengoa ezingo da egin.

    Ezingo da, ez. Beste lasterketa guztien norabidea zein izan den ikusita, Zaldibiakoa jokatzea ere ezinezko ikusi genuen. Korrikalarien segurtasuna bermatzea zaila da, eta ikusleena oraindik zailagoa. Iazko proban guztia alde eduki genuen: jendea, eguraldia, herria… Eta ikusita zer nolako arrakasta izan zuen, aurtengorako lasterkariak iaz bezainbeste edo gehiago etorriko ziren esperantza genuen. Baina segurtasuna ezin zenez bermatu, datorren urterako uztea pentsatu genuen. Iaz hobetu beharreko gauzak utzi genituen, eta haiek hobetuta, indar gehiagoz eta gogotsu itzuliko gara.

    Beste datarik erabili duzue esku artean, 2020an egiteko?

    Ez. Martxoaren hasieraz geroztik lasterketak atzeratzen ari dira alde guztietan. Kakotx artean esanda, borroka txiki bat badago datekin, bakoitzak noiz jarri bere lasterketa. Gure partetik, besteenganako errespetu falta bat iruditzen zitzaigun aldatzea. Gurea ezin izan da egin, eta atzeratuz gero, beste baten tartean sartzea ez zen bidezkoa. Baldin eta egoera berriak utziko balu, ikusle edo partaide bezala geuk gozatuko ditugu beste lasterketak. Eta, noski, ideia berriak hartu ere bai, datorren urterako zer edo zer ahaltsuagoa egiteko.

    Ezeztatzeko arrazoi nagusia segurtasuna aipatu duzu. Antolakuntza aldetik, kirolarien prestakuntza mailagatik, jende pilaketagatik ere bada kezkarik?

    Kezka nagusia, guztien gainetik, korrikalarien eta herritarren segurtasuna da. Lasterketa aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa da, korrikalariez aparte, herri guztia. Zaldibia herri txikia da, eta bi ibilbideko lasterketa antolatzen herria bolkatu egiten da. Herritarrekiko segurtasuna bermatu nahi genuen, batik bat. Egoera zailotan, herritarrak bezalaxe behar ditugu laguntzaileak ere, eta ez dago momentua kriskitinak jotzeko eta laguntza eske atea joka joateko. Segurtasun falta dela eta, ez dezagun gauza gehiago zorabiatu.

    Bigarren ekitaldia zukeen Zaldibiako lasterketak. Iazko esperientziarekin, bere horretan mantentzeko asmoa zenuten?

    Bai. Zaldibiak Aralarrekiko daukan gertutasuna edukita, garbi daukagu lasterketak horrantz bideratuta joan behar direla. Iaz, korrikalariengandik jaso genuen feedbacka edo erantzuna ikusita, izugarria izan zen esker ona, mezu dezente jaso genituen hurrengo egunetan. Jendeari gustatu zitzaion. Bi lasterketak mantenduko ditugu. Ibilbideetan aldaketatxoren bat edo beste egitea jarriko dugu mahai gainean, baina handirik ez.

    Euskal Herriko mendi lasterketen rankingerako puntuagarri izatea lortu zenuten. Zer suposatzen zuen horrek?

    Azkenean, guretzat eta lasterkarientzat beste proba puntuagarri bat izango zen. Daukan ibilbide ikusgarriarekin lotuta dator, eta handik eta hemendik jendearengandik jasotako erantzunarekin. Rankingean sartzeko aukeraz hotsak entzun genituen, eta aprobetxatzea pentsatu genuen. Lasterkarientzat puntuagarria izateak, sonatuagoa izatea suposatuko luke. Zaldibiaren izena beste ranking batean azalduta, jende gehiagorengana iristen da. Iaz AEBetatik etorri zen bat, kanpotik ere bai gehiago; txiripaz iritsiko ziren, seguruenik, baina ranking horretan sartuta, beste korrikalari batzuenganaino agian iritsiko ginen. Horrek beste gehigarri bat ematen dio Zaldibiako lasterketari.

    Datorren urterako zerrenda horretan jarraituko ote du?

    Ezin da jakin oraindik zer izango den 2021ean. Aurtengo ediziorako egin genituen kontaktuekin jarraituko dugu lanean. Guk saiakera berezia egingo dugu berriro rankingean egoteko.

    Korrikalariok, gainontzean, nolako itxialdia sufritu duzue? Entrenatu ahal izan duzue?

    Beste modu batera hartu beharra dago, etxe barruko entrenamenduak eginda. Ni neroni ez naiz korrikalari izendapenekoa sentitzen, zaletasun bezala daukagulako. Inguruan badaukagu korrika asko ibiltzen den jendea, eta mundu guztia bezalaxe, etxe barruan daukanari helduta moldatu dira: eliptikoan edo zintan korrika, bizikletaren gainean… Eta horri eutsi behar.

    Jare egin ondoren, berriz poliki hastea hobeto izango da, ala?

    Ahal izan duen bezain pronto, mendira joan da jendea! Zaldibia oso zabala da lurrez, mendi asko dauka, eta alde horretatik zortea eduki dugu. Ni ez naiz askorik joan, baina jende ugari dabil orain. Juergarik egin ezin den honetan, oraindik gehiago.

    Denboraldi orokorra, bestela, bukatutzat daukazue?

    Bai. Orain futbola hasi da, eta esperantza dugu korrikalarientzat ere tartetxo bat uztea. Lasterketa bat edo beste antolatuko balitz, jendeak erantzungo luke, hori ziur. Lasterketa batzuk badaude bertan behera gelditu ez direnak, eta haien zain egon behar. Korrikalarien artean bi metroko distantzia ez dago mantentzerik, eta horri begira ezin du joan gainera lasterketan. Beraz, arauak aldatzen baldin badira, orduan izango du erantzunik handiena. Lehenengo lasterketa bete-betea izango da.

    Goierriko Hitza

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.