• 29
    MAR
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Sindikatuek martxoaren 29rako egin duten greba orokorrerako deialdiarekin bat egin du Zaldibiako Udalbatzak. Martxoaren 6ko udalbatzarrean bi mozio landu zituzten zinegotziek, Bildu eta Zaldibia Herrigintzan taldeek aurkeztutako bana. Biak aho batez onetsi zituzten.

    Bilduren testuaren laugarren puntuan grebara jotzeko eskatzen zaie herritarrei. Lan erreforma salatu, Espainiako Gobernuari indargabetzeko eskatu, eta Lan Harremanen Euskal Herriko Esparrua aldarrikatu zen mozioan.

    Zaldibia Herrigintzanek aurkeztutako mozioan ere dekretua gaitzesten da, eta lan harremanetarako Euskal Herriko markoa exijitu. Bestetik, enplegurako politika eraginkorren eskumena osorik eskualdatzea eskatzen du.

    Udalbatzarrean bikoiztasunez landutako mozio bakarra ez zen lan erreformaren ingurukoa izan. Emakumearen nazioarteko egunaren harira ere adierazpen bana eraman zituzten bi alderdiek osoko bilkurara. Bakoitzak berearen alde egin zuen, bestearenean abstenituz. Biak onartu ziren hala.

    Bi gaietan bina testu landu zirela ikusita, udalbatzako kideek erabaki dute hurrengorako adostutako mozioa egitea, «bi taldeek onar dezaten». Horretarako, plenotik kanpo hilero bilera eginda adostekotan geratu dira.

    Goierriko HITZA

    LOTURA: Zaldibiako Udaleko pleno bereziko informazioa