• 18
    EKA
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko eta enplegua bultzatzeko asmoarekin, Goierriko EAJ Bildurekin eta gainontzeko alderdiekin elkarlanean jarduteko prest agertu da. Krisia dela eta, «jendearen ondoan egon behar dugula eta egoera konpontzeko soluzioak» eman behar dituztela uste du Aitor Aldasoro, EAJko kideak. Goierrikohitza.

    Bide horretan, elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute. Datozen asteetan, mozio bana aurkeztuko dute Goierriko hainbat udaletxetan, enplegua sortzeari begira egindako plangintzak bultzatzeko.

    Aldasoro, Lazkao, Ordizia eta Zaldibiako ordezkariak ondoan zituela agertu zen prentsaren aurrean. «Euskal Herria, inguruko beste herrialde batzuk bezala, krisi ekonomiko eta finantzario larri batean murgilduta» dagoela esan zuen, baina Goierri, «beste zonalde batzuk baino hobeto» ari dela egoera horri aurre egiten. Horren arrazoietako bat, Goierriko Herrien Ekintza fundazioak eta Goieki garapen agentziak egindako lana dela uste du. «Erakunde publiko eta enpresa pribatuen arteko elkarlana izan da gure eskualdearen bereizgarri nabarmenetako bat eta orain arte izan dugun egoera ekonomiko eta sozial orekatua lortzeko zutabetako bat».

    Zentzu horretan, etorkizunari aurre egiteko «denon esfortzua» behar dela uste du Aldasorok, eta «momentu honek eragile guztien lana eta, are gehiago, elkarlana» eskatzen duela. Eta elkarlan hori, udalen eta erakundeen bidez gauzatu nahi dute, «udalek eta eragile ekonomiko eta sozialek beraien eskuetan dituzten baliabide guztiak» erabili behar baitituzte.

    Laguntzak eta mozioa

    Eusko Jaurlaritzak eskualde ikuspegitik enplegu plangintzak egiteko dirulaguntzak iragarri dituela gogorarazi du EAJk. «Badirudi enplegu plangintza horiek gauzatzeko 14 milioi euro inguru bideratuko dituela datozen hilabeteetan». Egoera kontuan izanda, 14 milioi «kopuru garrantzitsua» dela uste dute. Plangintzak eskualde mailakoak izango badira ere, udal bakoitzari dagokio plangintza horretan parte hartu nahi duen erabakitzea, eta gero, eskaera hori eskualde bakoitzeko garapen agentziara bideratzen da. Hori dela eta, EAJk deia egin die Goierriko erakunde eta alderdi guztiei; «horrelako aukerarik ezin dugu alde batera utzi. Gure eskualdean ditugun lanpostuei eutsi beharrean gaude eta, ahal dela, berriak sortu gainera».

    Eskaera hori, mozio bidez aurkeztuko dute udaletara. EAJk ordezkaritza duen Goierri beheko bost herrietan (Beasain, Ordizia, Lazkao, Zaldibia eta Olaberria) aztertuko dute testua. Mozio horretan, «udalgintzako plangintzetan diru eskaera hauei lehentasuna ematea» eskatuko dute batetik. Baina baita dagokion udalak enplegua bultzatzeko plangintza horretan parte har dezala ere. Azkenik, hirugarren puntuan, erakundeei elkarlanerako eskaintza egingo zaie. Zentzu horretan, «EAJk duen eskarmentua eta lanerako borondatea kontutan hartzeko» eskatu dute

    Inazio Estensoro Lazkaoko zinegotziak, berriz, «egoera ekonomikoa ez ezik, egungo egoera politikoa eta Bilduk duen protagonsimoa kontuan hartuta, alderdien arteko lehiatik atera eta elkarlan hori bultzatzeko dugun borondatea» azpimarratu nahi izan zuen, egungo egoeran, «denok bat eginda lan egiteko beharra ikusten baita. Beste puntu batzuetan desadostasunak izan arren, honetan batu gaitezen». Eta bide horretan, Goierriko Herrien Ekintza eta Goieki «izugarrizko plataformak» direla azaldu zuen, «urtetan erakutsi dute efizientzia» kontuan izanda.

    Goierrikohitza

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.

Gaiak

ZALDIBIA EUSKARALDIA
banner ekarpena

Boletina

ZaldibiaTB

Estekak