• 05
    UZT
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen jarrera babesteko eta oposizioko alderdiek bultzatutako zentsura mozioa salatzeko asmoarekin, Alternatiba, Aralar, EA eta ezker abertzaleko Goierriko hainbat ordezkari bat eginda agertu ziren herenegun Goierrikohitza.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen jarrera babesteko eta oposizioko alderdiek bultzatutako zentsura mozioa salatzeko asmoarekin, Alternatiba, Aralar, EA eta ezker abertzaleko Goierriko hainbat ordezkari bat eginda agertu ziren herenegun. EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek, aldundiaren hondakinen inguruko politika «zentsuratu» nahi izan dutela diote, eta bide batez, larunbat honetan Donostian egingo den manifestaziorako deia egin diete goierritarrei.

    Igartza jauregian egindako agerraldian, Alternatibako Iñaki Saldaña, Aralarreko Mikel Leunda eta Josu Aztiria, EAko Iban Asenjo eta Kepa Goenaga, eta ezker abertzaleko Aitor Garmendia eta Bilduko hainbat zinegotzi elkartu ziren. Denen izenean, Eluska Gerriko Segurako alkateak hartu zuen hitza. Datozen egunetan, EAJk, PSE-EEk eta PPk, Juan Karlos Alduntzin ingurumen diputatuaren kontrako zentsura mozioa onartuko dutela eta, Euskal Herria Bildu koalizioa osatzen duten alderdien «desadostasuna» agertu nahi izan zuen, mozio horrek, «Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta soziala gelditzea bilatzen duelako». Zentzu horretan, hiru alderdi horiek «orain dela gutxira arte, Gipuzkoa geldirik zegoela» zioten, baina EH Bilduko alderdien ustez, «hondakinekin dugun arazoa behingoz konpontzeko gai den plan integrala mahai gainean jarri denean, orduan hasi dira zarataka eta espantuka».

    Alduntzinen taldeak egin duen plangintzak, zaborraren arazoari «konponbidea» emango diola uste dute. Hala, erraustegia baino «200 milioi euro gutxiago» kostako dela, eta Europako ebazpenetan oinarritzen dela gogorarazi dute. «EAJk, PSE-EEk eta PPk, errauste plantak ez zeukala alternatibarik esan digute behin eta berriz. Baina plan berri honek erakutsi du baietz, badagoela beste aukera bat, ekologikoagoa eta eramangarriagoa». Gainera, Gerrikok azaldu zuenez, «Europako parlamentuak 2020 baino lehen, birziklatu daitekeen guztia birziklatu behar dela adierazi du, eta hondakinak ezingo direla ez erraustu, ezta isuri ere». Hala, aldundiko aurreko gobernuak bultzatutako Zubietako errauskailuaren proiektua dagoeneko «iragana» dela azaldu du.

    Interes politikoak eta ekonomikoak

    EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdien ustez, erraustegi eraikitzeko proiektuaren atzean, «beste interes ekonomiko eta politiko batzuk» daude, eta EAJ, PSE-EE eta PP, interes horien defentsan ari direla uste dute, «gipuzkoarron interesak alde batera» utzita. Zentsura mozio hau ez da «ekimen isolatua» koalizioko alderdien iritziz, eta EAJ, PSE-EE eta PP alderdien benetako asmoa, «Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta soziala gelditzea eta ezkerreko soberanista eta independentisten olatua geldiaraztea» delakoan daude. Horren aurrean, «bizi dugun aro politiko berria Gipuzkoan osasuntsu» dagoela diote, eta «bakera eta demokraziara doan bidean aurrerapausoak etengabe» ematen ari direla.

    Manifestazio deialdia larunbaterako

    Hori guztia dela eta, EH Bildu koalizioa osatzen duten lau alderdietako ordezkariek, larunbat honetan Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin die goierritar guztiei. Boulebarretik abiatuko da protesta, 17:30ean, Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara lemapean.

    Goierrikohitza

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.