• 24
    MAR
    2013
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Goierri Zero Zabor taldeak deituta, Legorretako, Itsasondoko, Zaldibiako eta Goierriko beste hainbat herritako bizilagunak elkartu gara gaur Legorretan, hiru herri horietan atez ateko bilketa sistemari ekin diogula ospatzeko.

    Atez ateko sistemaren hasiera ospatu dugu goierritarrok Legorretan
    Mokadutxo batekin amaitu da, atez atekoaren ospakizun festa Legorretan

    Ostegunean ekin genion hondakinen bilketa sistema berri ari Legorretan, Itsasondon eta Zaldibian, eta lehen egun hauetan oso positiboa izan da jendearen erantzuna. Hala, hasiera hori borobiltzeko, esker on ekitaldia ospatu dugu eguerdian Legorretan, ekitaldi eta mokadutxo batekin.


    12:15 aldera ekin diogu festari Legorretako frontoian, Goierri Zero Zabor taldeko hainbat kide oholtza gainera igota. Guztien izenean, Legorreta Zero Zabor taldeko kide batek irakurri du esker on testua eta bertan gaur egungo egoera 1983ko uholdeetan bizi izandakoarekin alderatu du. Urak eragindako txikizioa bi egunetan garbitzeko gai izan ziren legorretarrak garai hartan, auzolanean arituta, eta gaur egun ere elkarlanean aritzeko deia egin du, birziklatzea ez dela horren zaila defendatuz eta  gizarte txukunago baten alde egitea denon ardura dela nabarmenduz.


    Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideen mezua Legorretan


    Joxe Mari Irazusta, Jon Legorburu eta Ainhoa Arrozpidek hartu dute ondoren hitza, Gipuzkoa Zero Zabor taldearen izenean.


    Joxe Mari Irazustak Gipuzkoa “Zero Zabor lurraldea” osatzen ari dela nabarmendu du:  “Trena Usurbilen abiatu zen, ondoren Hernani, Oiartzun eta Debagoienara  egin zuen salto, Antzuolara. Eta orain Goierrin ere bere bidea egingo du. Zuen ondoren laster Tolosaldean gehituko dira herri gehiago. Tren hau geldiezina da”.
    Jon Legorburuk  gogoratu du gure jokabideak baldintzatuko duela “zer nolako geroa utziko diegun etorriko diren belaunaldiei”.  Helburu horri lotuta, Zaldibia, Legorreta eta Itsasondoko herritarrek, “ajolagabekeria alboratu” eta sortzen ditugun hondakinak arduraz kudeatzen hasi garela nabarmendu du, “trabei, gezurrei eta presio mediatikoari aurre eginez”.


    Ainhoa Arrozpidek, bere aldetik, jasangarritasunaren alde egin izana defendatu du, Europako irizpideekin bat eginez. Atez ateko sistemaren alde egindako hautua  denon osasunaren mesedetan izango dela adierazi du, eta errauste plantarik “ez dugula nahi, ezta behar ere” erakutsiko duela.


    Ildo horretan, Mikel Amenabar Zubietako bizilagunak ere zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkie Legorreta, Itsasondo eta Zaldibiako bizilagunei, atez ateko sistemaren alde egiteagatik, eta horrela, Zubietan erraustegirik ez dugula behar defendatzeagatik.


    Bertsolariak, Takolo eta Ibon Magoa


    Hodei Lopez (Legorreta), Jexux Mari Jauregi ‘Altzo Txiki’ (Zaldibia) eta Mikel Mendizabal (Itsasondo) bertsolariak igo dira ondoren, frontoiko oholtzara eta atez ateko sistemaren alde nahiz  errausketaren aurkako bertsoak kantatu dituzte, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibiako herritarrei eskerrak ematen zizkietan bitartean.


    Bertsolarien ondoren, eta herriko plazan mokadutxoa hasi aurretik, Takolo pailazoak eta Ibon Magoak eman diote amaiera ekitaldiari,  haurrentzako entretenimenduzko ikuskizun batekin.


    Birziklatzea erraza dela eta haurrek jada erabat barneratuta daukatela erakutsi du Ibon Magoak frontoian bildutako neska-mutilekin egindako jokuen bidez.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.
Gipuzkoa Zero Zabor
nola iritsi gara honetara?

Boletina

ZaldibiaTB