• 02
    MAI
    2013
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Mundumob ekimena herriz herri

    Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra

    Mundumob, Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da. Herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da Mundumoben helburua: “Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra”. Iraunkortasunaren aldarrikapena da azken finean egingo duguna. Ideia hori lelo nagusian laburtu dugu: “Eman hartu nahi duzun mundua.”

    Ekimenean printzipioak finkatu nahi ditugu, herritarrek eta eragileek printzipio horiei atxikitzea nahi dugu, gero hortik abiatuta helburu eta ekintza zehatzak adostu eta gauzatzeko.

    Mezuaren bektore nagusia herritarrek gorpuztuko duten kantu koreografiatu bat izango da. Kantua Karlos Gimenezek egin du, letra Jon Maiak jarri dio, ahotsa Ze Esatek taldeko Jabirena da Ines Osinagaren parte hartzearekin . Guzti hori Mikel f. Krutzaga teknikariaren lanarekin borobilduz  eta koreografia gurekin lehendik lan egin izan duen Mikel Erguinek egin du.

    Horrekin batera, eskutik eskura ibiliko dugun mundu bolak lagunduko digu ekimenean emango dugun mezua zabaltzen.

    Orain arte egin ditugun ekimenetan bezala, aldarrikatzen dugun baikortasuna eta konpromisoa egongo dira ekimenaren muinean. Aldarrikatzen dugun etorkizun hobeago horren isla izango da ekimena, giro alai, partehartzaile eta ludikoan burutuko duguna.

    Ibilbideari dagokionez, maiatzaren 4ean hasiko da Gipuzkoako herririk handienean, Orendainen. Ondo esan dugu bai. Handitasuna ez da bakarrik m2-tan edota biztanle kopuruaren arabera neurtzen. Guk, handitasuna, herritarren bihotzetan eta konpromisoan neurtzen dugu, eta horretan ez daukagu zalantzarik orendaindarrak eredu direla Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Lehenengo Zero Zabor herria dugu. Hondakin organiko guztia herrian tratatzen dute ongarri bihurtuz. Ez dute beste herrietara organiko tona bakar bat usteltzera bidaltzen. Mundumoben hasiera Orendainen eginez, guzti horren aitortza egin nahi dugu.

    Bukaera ere Gipuzkoako herririk handienean egingo dugu. Oraingoan bai, biztanle kopuruari begira. Handiena baita ere sortutako zabor kopuruari begira. Praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren lekua beraz, konponbidearen gakoa. Donostiak erronka polita jarri dio bere buruari: 2016 urtean Europako Kultur Hiriburu izatearena. Guk gure ekarpena egin nahi diogu izendapen horri. Kulturak eta jakintzak nekez egiten dute bat utzikeria eta zabarkeriarekin. Donostia Zero Zabor norabidean jartzeko gure ekarpena egingo diogu amaiera han emanda. Donostiakoa herrialde mailako ekitaldia izango da.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.